2011/03/03

EHEren 30. urteurrenaren inguruko bideoa

Bideoa ikusgai duzue hemen, ederra zinez.

Izan, Egin, Eragin

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak 30 urte bete zituen 2009ko azaroaren 4an. Dokumentalak, sortze garaitik gaurdainoko EHEko hainbat kideren bizipenak eta gogoetak jaso ez ezik, hauetan eta bide horretan bultza egin duten zenbait euskaltzalerenak ere jaso ditu; iragana gogoan hartuz, etorkizuneko erronkak marrazteko.
Zuzendaria: Ion Ansa
Gidoilariak: Ion Ansa, Alaia Martin
Argazki Zuzendaria: Marcell Erdelyl
Errealizazioa: Igor Elberdin

2011/03/02

Trebiñu- KORRIKA mendi martxa.


Data: 2011ko martxoaren 19an

Ordua: -Mendi Martxa luzea (25 km) goizeko 8etan

-Mendi martxa laburra (umeentzat ere egokia, 10 km)

goizeko 10etan

Irteera: Apirilaren 14ko plaza. Argantzun

Helmuga: Apirilaren 14ko plaza. Argantzun


Helburua: 17. Korrika Trebiñun hasiko da. Trebiñuko paisaia ezagutarazteko asmoz antolatu dugu mendi martxa hau.

Ibilbidea: Trebiñu eta Añanaren arteko mugatik pasako gara, Zaldiaran mendiko tontorreraino, San Migel eta Busto gainetatik pasa ondoren. Zaldiarandik Bustora abiatuko gara berriro; bertan hornidura eta kontrol puntua egongo da. Handik eta Lezana herri zaharretik pasa ondoren, Billa Okara joango gara, hortik Argantzunera bueltatzeko.

Argantzunen hamaiketakoa egingo dugu.

Oparia: martxalariei oparia emango zaie (kamiseta)


Izen-ematea: www.herrikrossa.com 8 euro

Egunean 10 euro. Ordu erdi lehenago itxiko da.

Umeak dohan (12 urte bitartean)

Umeaen izen-ematea: 943 47 07 30, astelehen, asteazken eta ostiraletan, 17:30etik 19:30era

Asegurua egingo zaie partehartzaile guztiei.

DYAren anbulantzia egongo da Busto gainan.

2011/02/28

Udako Aisialdia- Tiempo libre en el verano

Udako eskaintzaren gaineko informazioa duzue. Hala ere, jakin ezazue udako aisialdi eskaintza aurkezten duen eskuorria
Ikastola aldizkariarekin batera banatuko dela.

Matrikulazioa martxoaren 7an irekiko da.

http://www.ikastola.net/web/default.php

helbideetan aurkituko dituzue informazio gehigarria, matrikulazio fitxa eta irizpide orokorrak.

Teneis ya disponible la oferta de ocio que Ikastolen Elkartea presenta anualmente.


2011/02/21

Korrika 17ren unitate didaktikoa datorren astetik aurrera eskuragai

Gaur, ostegunarekin, Ikastolen Elkarteak eta AEK-Korrikak elkarlanean sortutako unitate didaktikoa aurkeztu da, Bilboko Kalderapeko euskal kulturgunean. Datorren astean, Korrika eta Ikastolen Elkarteko web-guneetatik deskargatzeko moduan egongo da.

Unitate didaktikoa adin tarte guztietako ikasleei zabaldutako (haur hezkuntzatik 18 urtetara) eta 10 egunerako prestatutako Korrikari buruzko materiala da, Euskal Herriko eskola eta ikastoletan Korrikaren mezua zabaltzeko balio duen tresna. Irakasleei Korrika txikiak antolatzen eta prestatzen laguntzeko baliagarria izateaz gain, Korrikaren alde egiten duten lan handia eskertzeko modu bat da.

Ezkerretik eskuinera: Maider Legarreta, Edurne Brouard, Koldo Tellitu eta Kristina Boan

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari Koldo Tellituk esan bezala, “Ikastolen Elkartea euskalakaria da, euskalakari bihurtu nahi ditugu ikastola eta ikastetxeetako gelak. Baina, haratago joan nahi dugu eta Korrikaren mezua jendartera zabaldu nahi dugu. Euskal Herritar oro euskalakari bilakatu nahi dugu”.

Kristina Boan, Ikastolen Elkarteko kidea eta unitate didaktikoaren egilea eta koordinatzaileak, unitate didaktikoaren nondik norakoak azaldu ditu. Horrela, Korrika txikiari indar berezia emateaz gain, unitate didaktikoarekin hainbat jarduera bultzatu nahi dituztela azaldu du, horien artean, “teknologia berriak oraina eta etorkizuna direla kontutan hartuta, euskalakari bloga sortu dugu”.

Korrika arduradun Edurne Brouardek esan bezala, “Korrikak beti jaso izan du asko euskal gizartetik, eta Korrikaren nahia, espiritua eta filosofia da ordainetan zerbait ematea. Alegia, trukean zerbait ematea”.
Bide horretan horrenbeste izan dira, eta dira, Korrikari ekarpena egiten dioten eragile, elkarte eta norbanakoak. Zentzu horretan, aurten bada nobedaderik unitate didaktikoan: Maider Legarreta gazte galdakoztarrak Korrikari eskainitako kanta unitate didaktikoaren ariketetako bat izan baita.

2011/02/17

HERRI URRATS Maiatzaren 8an

Herri Urrats eta Araba Euskaraz dira ikastolen jaietatik mugimendu gutxien dutenak. Mugi gaitezen.

Seaskak "euskalzaleen baitezpadako hitzordua" bilakatu nahi du, berriro ere, Herri Urrats

Bere sortzetik Herri Urratsen etekinak Xalbador kolegioko eraikuntza eta ondorengo lanak baliatuak izan ziren. Aurten, berriz ere, Ipar Euskal Herriko ikastolen besta bere oinarrietara itzuliko da, Kanboko kolegioaren arramoldatzera zuzenduko baitira Herri Urratsen mozkinak. Iaz, eguraldiak euskalzaleen hitzordua zapuztu zuenean, Iparraldeko ikastolen besta "Euskal Herri osoko euskalzaleen baitezpadako hitzordua" bilakatu behar zela, berriz ere, azpimarratu zuen Seaskak. Heldu den maiatzaren 8an "Laku bat munduan" lelopean Senperen ospatuko den bestaren aldeko atxikimendua indartzeko xede hainbat ekimen antolatuak dira Euskal Herrian zehar, hala nola, martxoaren 12an, Durangon.

Paxkal Indo Seaskako lehendakariak gogorazi duenez, "joan den urteko Herri Urratsen, gauean, dei berezi bat egin genuen erranez Herri Urratsa ez zela maiatzeko egun euritsu horretan bukatzen, baizik eta urte guzian zehar egin beharko zuela Herri Urrats, ikastolek Ipar Euskal Herrian dituzten beharrei laguntzeko".

Dei hori entzuna izan zen eta eguraldiak eginiko kaltea estatzeko elkartasun keinu ainitz bildu zituen Seaskak. Banaka zein taldeko ekarpenei esker, 80.000 euro inguru bildu ahal izan zituen.

Aurtengo Herri Urratsek afitxatuko duen irudiak elkartasun uholde hori islatzen du. "Gutariko bakoitza sorta bat gira, gure ekarpen tipia bideratuz putzua eginen dugu, horrela tanta gehiago bilduz, aintzira bilakatu arte". Aniztasuna eta engaiamendua goraipatu nahi izan du grafismoaz arduratu den Abadiñoko Di-da komunikazioa enpresa taldeak.

Herri Urratsek bere irudia gaurkotu du sarean eta interneteko helbide berria ideki du: www.herriurrats.com. Bideoklipa bat izanen du aurtengo edizioak, Iparraldeko ikastolekin elkartasunez Berri Txarrak taldeak -Sustrai Colina hitzen gainean- eginiko abestia denon ahotan ahal den eta azkarren ezartzeko.

Herri Urrats Xaldador kolegioko Nere Pentzea izeneko etxea erosteko sortu zen. Xirimiri bat bezala, geroztik igaro diren hiru hamarkadetan ikastolek Xiberua, Lapurdi eta Baxe Nafarroako bazter guztiak euskarazko hitzekin busti dituzte. Gaur egun 2700 haur baino gehiago eskolatzen dituzte ikastolek.

Egun, erreferentzia historikoa den Kanboko kolegioa arramoldatzeko diru bila dabil Seaska -Paueko Kontseilu Nagusiak laguntza handia eman badu ere, lanak ez ditu erabat ordainduko-. Izan ere, Baionako Etxepare lizeoa tipia gelditu da baitaere -170 ikasle ditu- eta lizeo bat eraikitzeko asmoa etorkizun hurbilean agertzen da. Are, Biarritzeko Herriko Etxeak Bidarte aldera lur eremua erosteko lehen urratsa emana du dagoeneko. Frantziako legeak ezartzen dituen mugak gaindituz, Seaskak erakundeen laguntza beharko du BABko lizeo hori eraikitzeko. Agian, Eskualdeko Kontseiluaren atea jo beharko du proiektua obratzeko.

Euskaldunei, euskalzaleei eta erakundeetako arduradunei zuzendua da Herri Urratseko aurtengo mezua. Antolatzaileek Baionan eginiko agerraldian laburbildu dutenez, "euskaldunoi begira gure nortasuna aldarrikazten du, munduan dugun lekua baieztatuz; euskaltzaleei diren erdaldunei begira, gonbidapen bat da, munduan, bereziki buraso horien haurrei leku bat eskeiniz; azkenik, instituzioei begira, ofizialtasunaren galdea ere suposatzen du, euskarari zor zaion lekua eskatuz".

Berriz ere Hegaldekoak lotu bestari
Heldu den maiatzaren 8an zeruak zein kolorea erakutsiko duen Senpereko lakuan jakitekorik ez bada ere, ordurarte elkartasun tantak biltzera ekinen diote Iparraldeko ikastolek. Seaskak Euskal Herriko Ikastolen kooperatibaren konplizitatea bilatu du "euskararen zeruan laino grisak ugariak izanki ere, herri honen ufadaz laino ilunak uxatu eta eguzki printzak ekartzeko" Iparraldeko ikastolen bestara.

Giroa berotzeko, Herri Urratsek nehoiz baino lehenago abiatu du bere kanpainia, euskalzaleek maiatzaren 8ko hitzordua egutegian gorriz marraztu dezaten.

Herri Urratsen aurkezpen txostenean Seaskak agerian utzi duenez, "zoritxarrez, azken urte hauetan euskalzale gutxiago hurbiltzen zaigu eta horrek eragina du, alde batetik emaitza ekonomikoan eta bestetik egunaren giroan ere. Lehen, euskara entzuten zen gune gehienetan, orain geroz ta frantsesa gehiago entzuten da". Herri Urrats-ek sosa biltzea du helburu, baina premia horri euskaraz eginen badio, askoz hobe.

Horregatik, oinarrietara itzultzea eta dinamika berria abiatzeko beharra goraipatu du Indok. Seaskako lehendakariak Euskal Herrian zehar Herri Urratsen alde sortzen ari diren ekimenek duten garrantzia nabarmendu du. Hala, martxoaren 12an, egun berezia izanen da Durangon. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, bertsolariak eta abarreko animazioak antolatu dituzte Bizkaiko herrian Herri Urratsen alde.

Herri Urratsen bestaren buxeta 40.000 euro ingurukoa da, eta bere sorreratik gertatu den bezala, Senpereko aitzirara hurbilduko diren milaka euskalzaleek merezi duten harrera egiteko Xiberua, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko ikastoletako burasoen lan bolondresa ezinbesteko osagaia izanen da aurten ere.