2011/02/21

Korrika 17ren unitate didaktikoa datorren astetik aurrera eskuragai

Gaur, ostegunarekin, Ikastolen Elkarteak eta AEK-Korrikak elkarlanean sortutako unitate didaktikoa aurkeztu da, Bilboko Kalderapeko euskal kulturgunean. Datorren astean, Korrika eta Ikastolen Elkarteko web-guneetatik deskargatzeko moduan egongo da.

Unitate didaktikoa adin tarte guztietako ikasleei zabaldutako (haur hezkuntzatik 18 urtetara) eta 10 egunerako prestatutako Korrikari buruzko materiala da, Euskal Herriko eskola eta ikastoletan Korrikaren mezua zabaltzeko balio duen tresna. Irakasleei Korrika txikiak antolatzen eta prestatzen laguntzeko baliagarria izateaz gain, Korrikaren alde egiten duten lan handia eskertzeko modu bat da.

Ezkerretik eskuinera: Maider Legarreta, Edurne Brouard, Koldo Tellitu eta Kristina Boan

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari Koldo Tellituk esan bezala, “Ikastolen Elkartea euskalakaria da, euskalakari bihurtu nahi ditugu ikastola eta ikastetxeetako gelak. Baina, haratago joan nahi dugu eta Korrikaren mezua jendartera zabaldu nahi dugu. Euskal Herritar oro euskalakari bilakatu nahi dugu”.

Kristina Boan, Ikastolen Elkarteko kidea eta unitate didaktikoaren egilea eta koordinatzaileak, unitate didaktikoaren nondik norakoak azaldu ditu. Horrela, Korrika txikiari indar berezia emateaz gain, unitate didaktikoarekin hainbat jarduera bultzatu nahi dituztela azaldu du, horien artean, “teknologia berriak oraina eta etorkizuna direla kontutan hartuta, euskalakari bloga sortu dugu”.

Korrika arduradun Edurne Brouardek esan bezala, “Korrikak beti jaso izan du asko euskal gizartetik, eta Korrikaren nahia, espiritua eta filosofia da ordainetan zerbait ematea. Alegia, trukean zerbait ematea”.
Bide horretan horrenbeste izan dira, eta dira, Korrikari ekarpena egiten dioten eragile, elkarte eta norbanakoak. Zentzu horretan, aurten bada nobedaderik unitate didaktikoan: Maider Legarreta gazte galdakoztarrak Korrikari eskainitako kanta unitate didaktikoaren ariketetako bat izan baita.