
Pasa den azaroan Billabonako “Behar Zana” pilota eskolak gure ikastolara egindako bisita eta gero, Armentia Ikastolako pilota eskolak bueltatu zien bisita apirilaren 21ean. Larunbat eguzkitsu batean pilotariak eta familiak elkartu ziren goizeko 8:30etan Mendizorrotzako aparkalekuan, Billabonarako autobusa hartzeko. 65 pertsona abiatu ziren Billabonako Amasa ausoko pilotalekura, 10:00etan hasten zen jaialdian parte hartzeko. 16 lagunarteko partidu jolastu zituzten gure ikastolako pilotariek Behar Zana elkarteko pilotariekin batera.
Giro eder batean aritu ziren gogotsu eta alai pilotari guztiak, hara bertaratutako familien animuak jasoz. Jaialdiaren bukaeran Behar Zana elkartearen arduradunek parte hartu zuten pilota guztiei kapelak eta kamisetak banatu zizkieten. Era berean abagunea aprobetxatu zuten gure ikastolarentzat kopa oroimen bat emateko, non bertan jaialdiaren zergatia eta data agertzen ziren.
Kirola egin eta gero bazkaltzera joateko ordua heldu zen jolasten eta animatzen gastatuko indarrak berreskuratzeko. 170 pertsona elkartu zirenez bi txanda egin behar izan ziren Behar Zana elkartearen sozietatean bazkaltzeko: 1. txandan bi pilota eskoletako pilotariek bazkaldu zuten (bitartean familiak herria ezagutzera joan ziren), eta 2. txandan pilotarien senideak; giro alai eta jator batean ospatu zen bazkaria. Kafea hartzeko unea iritsi zenean Billabonako pilota eskola arduradunek gure ikastolako pilota eskolaren arduradunei euskal pilotako rebote modalitatean sake egiteko erabiltzen den “botiloa” oparitu zieten; aipatu behar da XIX. mendetik Billabonan desagertzen ari den rebote modalitate honetan jolasten dela. Aurten sortu den harreman ona ikusita bi pilota eskoletako arduradunek, pilotarien eta familien iritziak jarraituz, datorren urtean hain positiboa izan den truke hau antolatzen jarraitzea adostu zuten.
Dagoeneko hasiak gara Armentia Ikastolan datorren ikasturtean Billabonako pilota eskolaren bisita prestatzen!!!!!!!!!!!
No comments:
Post a Comment