
Gauzarik aipagarrienetarikoa gure Ikastolak aurton 15. urteurrena beteko duela da.
Baditugu gurean ikasitako bi promozio kalean eta bete dugu epe ertainerako aurreikusita genuen hezkuntza eskaintza.
Ikastolen Elkarteko kide moduan taldean historikoki adostu ditugun ildo pedagogiko orokorren bideak urratu ditugu eta urte bateko gelatik hasi eta DBHko azken mailara bitartean taldeak eskaintzen dizkigun proiektuekin bat egin dugu: Hazitegi (0-3 zikloan), Urtxintxa (Haur Hezkuntzan), Txanela (Lehen Hezkuntzan) eta Ostadar (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan).
Gure printzipio nagusien artean hizkuntzarekin bete-betean lotuta dauden bi ardatz ere modu berezian lantzen ditugu: euskararen erabilera eta eleaniztasuna. Bata eta bestea bideratzeko eta bizkortzeko Ikastolen Elkarteko Euskaraz Bizi eta Hizkuntza Proiektua ditugu, batetik, eta bestetik Eleanitz programa, gehien batean ingelesaren irakaskuntzaren indartze lanarekin identifikatzen duguna.
Bide honetatik ere jantoki zerbitzuko langileak eta bazkalosteko liburutegiko arduradunaren betekizunen artean euskararen ahozko erabilera suspertzeko planifikazio zehatzak jarri nahi ditugu martxan.
Beste alde batetik gaurko gizarteak erronka berriak ekartzen dizkio Ikastolari. Etengabe ibili behar izaten dugu gure irakasleak prestatzen eta egokitzen. Arlo honetan oso sendo daukagu Ikastolan IKT programa, etorkizunean garapen handia izango duena, ez bakarrik kudeaketa administratibo eta akademikoan, baizik eta ikasleen neurrira egokitu beharreko ikas-materialetan.
No comments:
Post a Comment